Joan den azaroaren 8an, Urizaharra-Loza inguruko nekazari baten deia jaso genuen, ureztatze-putzu batetik atera ezin zen kurrilo bat zegoela jakinarazteko. Putzu horiek plastiko batez estalita egoten dira. Plastiko horrek benetako patinaje-pista bihurtzen ditu, eta tranpa hilgarri bihurtzen dira. Animalia irteten saiatzen zen, baina irrist egiten zuen behin eta berriz, geroz eta ahulago zegoelarik.
Zentroko bi langile joan ginen. Hainbat saiakerak huts egin ondoren, animaliak putzuaren erdira ihes egiten baitzuen, harrapatu eta erdigunera eramatea lortu genuen.
Zentroan egiaztatu ahal izan genuen animalia nekatuta zegoela esfortzuagatik eta jasandako estresagatik, shock eta hipotermiko egoeran zegoela. Ale gaztea zen (aurten jaioa, Europako iparraldeko herrialderen batean, ziurrenik). Animalia egonkortu ondoren, UVI eremuan utzi genuen, eta hurrengo goizean, gure pozerako egiaztatu ahal izan genuen animalia askoz hobeto zegoela.
Horrela, suspertze-aldi bat hasi zen, oso ondo elikatuz eta lasai utziz, hegazti horiek estres handia baitute gizakien presentziagatik.
Zenbait egunen ondoren, pisua eta indarrak hartzen ari zela egiaztatu ahal izan genuen, eta lehenbailehen askatzeko erabakia hartu genuen. Jakin bagenekien talde negutar egonkor bat zuen lekuren batean askatzea zela hoberena. Aipatu ziguten Figarolen (Nafarroa) Dos Reinos aintzira dagoela (Aragoirekin muga egiten duelako deitzen zaio), eta urtero 500-600 kurriloko talde bat biltzen dela bertan negua pasatzeko. Aintzira horretan lo egiten dute, eta egunean zehar aintziratik gertu dauden arroz eta zereal-soroetan elikatzen dira.
Hala, azaroaren 20an, hegaztiaren lekualdaketa eta askatzea egin genituen, aldez aurretik eraztun zientifikoak jartzeko lana eginez. Horri esker, espezie horren eta, bereziki, gizabanako horren portaerari buruzko informazio gehiago izango dugu.
Martiodako Suspertegi Zentrutik eskerrak eman nahi dizkiegu hegazti eder eta bitxi hau erreskatatzen eta askatzen lagundu diguzuen guztioi.
Eskerrik asko!!